Osasuna

Ordezkoak, ate joka

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko aza. 6a, 07:20

Pablo Ibañez, atzoko norgehiagokako pasarte batean. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak zero eta bost irabazi zuen atzo Chiclanan, uholdeengatik joan den astean atzeraturiko norgehiagokan, eta hartara Kopako hurrengo kanporaketara sailkatu da.

Ordezkoak, hasierako hamaikakoan ate joka: ligan minutu gutxiago jokatzen dutenek sasoiko dabiltzala erakutsi zuten atzoko Kopa partidan.

Klasikoek lioketen moduan, partidak bi zati eduki zituen, lehena eta bigarrena. Erran nahi baita bi zatiak guztiz ezberdinak izan zirela.

Lehena husnako berdinketarekin amaitu zen, Osasuna nagusi izan bazen ere, cadiztarrek kemenaren kemenez defendatu baitzuten haien atea. Bigarren zatian, ordea, logika eta kalitatea gailendu ziren, eta Osasunak golak arrapaladan sartu zituen.

Lehena, Raul Garciak orpoz egin zuen, Iker Benitoren erdiraketa baliatuz. Bigarrenean, Benitok berak sartu zuen, berari egindako penaltia profitatuz. Arnaizek eta Moi Gomezek bana egin zuten. Eta, ginga jartzeko, azken txanpan, Raulek bere bigarrena sareratu zuen.

Golak ez ezik, partiduak albiste on gehiago utzi zituen osasunazaleentzat: zortzi hilabeteren buruan, Kike Barja zelaietara itzuli zen, minutu batzuk jokatzeko. Iker Muñoz ere bueltatu zen berdegunera, abuztuko lesioaren ondotik.

Bestalde, Dani Pendinek egin zituen gorritxoen lehen entrenatzaile lanak, Vicente Morenok uholdeek kalteturiko bere herrian segitzen baitu, Massanassan, garbiketa lanetan laguntzen.

Osasunak larunbatean jokatuko du hurrengo norgehiagoka, arratsaldeko ordu bietan, Bernabeun, Real Madriden aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!