Lizarrako festak bero iritsi ziren aurten. UPNko alkatetzak betoa jarri baitzion ohiko txosnagune eta zenbait peñen barren kokaguneari. 28 urtez toki berean izatetik hirigunetik kanpo eraman nahi izan zuen festagunea Marta Ruiz de Alda alkateak. Erabakiak haserrea piztu zuen herrian festen ingurumarian eta bereziki somatu zen jaietako lehendabiziko orduetan. Txupinazoan, alkatearen oihuak aditu ziren ozen eta arratsaldean, manifestaziora deitu zuten gazteek herriko karriketan. Bi mila lagun inguru bildu ziren hain zuzen Puyren jaitsieraren amaierarekin bat egin zuen protestan. Gazteak haserre, segizioaren bidea moztu zuten, UPN eta alkatearen kontrako oihuak nagusituz karrikan. Hautetsiek, foruzainen furgonetetan amaitu zuten elizkizunetik bueltan egin beharreko ibilbidea, musikari eta dantzariek ordea problemarik gabe zeharkatu zuten protesten zonaldea.
Orain, Lizarrako Udaltzaingoak 27 pertsona deitu ditu deklaratzera gertatutakoarekin lotura dutelakoan. Desordena publikoak ikertzen ari da polizia, lehendabiziko informazioen arabera.