Europatik jasotako diru-funts baten bitartez berritu dute Urzainki kalean, Arrotxapea auzoan dagoen etxebizitza hori. 167 adin txikikori eman die arreta 2019an sortu zenetik eta egun, 18 haurrentzako tokia du baliabide horrek. "Familiarteko elkarbizitza hobetu eta haur horiek dituzten beharrak asetzeko tresna izanen da hemendik aurrera ere", azaldu du Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozial, Ekonomia Sozial eta Enpleguko kontseilariak.
Hiru taldetan emanen zaie arreta: 3 eta 6 urte arteko haurrak batetik, 7 eta 11 urteko haurrak bestetik eta 12 eta 16 urte arteko nerabeak bestetik. Astelehenetik ostiralera arratsaldez izanen da zabalik zentroa eta larunbatetan goizez.