Alde handia izan zen berdegunean; ez, ordea, markagailuan. Osasunak joko bikaina egin zuen, baina, denboraldi honetan ohi ez bezala, eraginkortasuna falta izan zitzaion. Aimarrek, Budimirrek eta Bryan Zaragozak osaturiko sardeak jokaldi eder bezain kamutsak sortu zituen sarri.
Horietako batean iritsi zen Budimirri egindako penaltia. Kroaziarrak lasaitasun handiz jaurti zuen, norgehiagokako gol bakarra sartzeko. Ospakizunean, valentziarrei animoak ematen zizkien elastiko bat zabaldu zuen, besteak beste, Vicente Moreno, Ruben Garcia, Torro eta Braulio gogoan:
Moncayolak partida bikaina egin zuen; Aresok, erakustaldi fisikoa. Alta, Gazteluko plazako taldeak gol abagune argiak bata bestearen atzetik huts egin zituen. Gehiegi barkatzen duenak azkenean larrutik ordaintzen duela dioen futbol esaera zaharra errealitate bihurtzear izan zen luzapenean: Valladoliden aurrelari Kike Perezen errematea sareetara zihoan, baina Catenak azken unean desbideratu egin zuen.
Jaitsiera saihesteko xedea azkar higatzen ari zaie gorritxoei. Datu adierazgarri bat: larunbatean, arratsaldeko ordu bietan, Bernabeun irabazten badute, Real Madridi aurrea hartuko diote sailkapenean. Aurretik, asteartean, arratsaldeko zazpietan, Kopako partida atzeratua jokatuko dute Chiclanan.