“Burlatako trabesti bat naiz”. Hala aurkeztu du bere burua Albina Stardustek, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan: “Drag queen esaten baduzu badirudi urrutiko zerbaiti buruz ari zarela, eta gu hemengoak gara, gu euskal trabestiak gara”.
Izar disko berrirako zortzi kanta ondu ditu Stardustek, denak euskaraz. "Ni ez naiz abeslaria, nire musika, atera dudan disko hau, nire mezua zabaltzeko bozgorailu bat da", azaldu du Stardustek. Gaineratu duenez, bere autobiografia artistiko bat ere bada diskoa. Lehen kantuak, Mirame ienburudunak, trabestismoaren munduan egin zituen lehen urratsak azaltzen ditu. Hortik aurrera, musika produkzioan eta letretan egin duen bidea atzeman daiteke.
Egindako saltoa bereziki nabarmena da sortu dituen azken bi kantetan: Erre eta Zuek. Azken hori, Zuek, euskal trabesti selekzioarekin auzolanean egin du. Yogurinha Borova, Xarma Leone eta Divina Comediak hartzen dute parte abestian, eta ereserki bihur liteke.
“Lagun minak gara, elkarrekin afaltzen dugu, asko hitz egiten dugu, eta hortik sortu zen Zuek kantuaren ideia: ni pertsona ez bitarra naiz, baina ez dut horretan pentsatzen, zuek zarete horretan pentsatzen duzuenak, etiketak jartzen dizkiguzuenak, libre eta zoriontsu bizitzeko oztopoak jartzen dizkiguzuenak”, azaldu du Burlatako trabestiak.