Abuztuaren 19an itxi zituzten tunelak eta aurreikuspenak beteta, ostegunean, urriaren 31n, zabalduko dituzte berriz. N-121-A errepidea itxita egon bitartean, bigarren tunelaren indusketa lanak aurreratu dituzte.
Tuneleko barnealdeko lanetan seinaleak, argiztapena eta segurtasuna hobetu dira. Bestalde, zuntz optikoko sare bat instalatu da komunikazio fidagarriak ziurtatzeko eta bideozaintza-sistemaren 31 kamera zaharkitu kendu eta 57 berri jarri dituzte, IP teknologia dutenak eta gertakariak automatikoki detektatzeko adimena dutenak.
Obrek iraun bitartean trafikoa NA-1210 errepidetik desbideratu dute eta ibilgailu astunek A-15 eta AP-15 autobideak alternatiba gisa erabili dituzte, iraila hasierara arte Andoain aldean ere obretan egon delako errepidea.
Aurrerantzean lanak egiteko prozesuan Belateko tunelaren mozketa edo itxiera une jakinetan baino ez da egingo, betiere behar bezala jakinarazita tokiko entitateei. Trafikoa NA-1210 errepidetik desbideratuko da kasu horretan.