Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, datorren abenduaren 3an eta Nafarroaren egunarekin batera, Euskarabideak-Euskarako Nafar Institutuak Gora-Gora Fest! 2024 euskarazko kultur zikloaren 4. edizioa antolatu nahi izan du. Zikloa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakamak.
Hainbat jarduera ezberdinek osatuko dute aurtengo programazioa. Guztira 9 izanen dira: antzezlanak (horietako batzuk musikalak direnak), inprobisazioek, tailerrak, dantzak, ipuin kontalariak eta beste hainbat. Aurreko urteen moduan, denak doakoak. Zikloa antolatzeko kontratu publikoa eskuratu duen enpresa TDiferencia agentzia izan da, lizitazio prozesuaren bidez, eta Euskarabideak programa honetako kudeaketaren inbertsioa 55.660 eurokoa izan da.
Ollo lehendakariordeak bi ildo estrategiko zabalagotan kokatu nahi izan du aurkeztutako kultur zikloa. Alde batetik, “ekimenak kultura programazio ofiziala normalean iristen ez den lekuetara eraman nahi du. Gure apustua, bai honetan, bai ‘Sarean Euskaraz’ bezalako beste batzuetan ere, jarduerak Nafarroako hiriburutik edo ingurutik haratago deszentralizatzea da”, adierazi du. Horrela, Nafarroa osora iristeko bidean kokatzen dira Euskarabidearen beste jarduera batzuk, hala nola toki entitateei, komunikabideei edo irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei ematen zaizkien laguntzak, zeinak igoera izanen dute datorren urtean.
Bestetik, ‘Gora-Gora Fest’ ez dela programa isolatu edo puntuala azpimarratu du Ollok. “Nafarroa bezalako erkidego baten aniztasunetik kultur edukiak sozializatzeko eta partekatzeko apustu estrategiko zabalago eta iraunkorrago baten parte da. Komunitate anitza arlo sozial, geografiko eta linguistikoan. Eta bokazio inklusibo eta integral hori zeharkako ildo bat da, Gobernuak aste honetan Parlamentura bidaltzeko onartuko dituen 2025eko Aurrekontu Orokorretan dagokion babesa duena”.
'Gora-gora Fest!' kultur zikloa 2020. urtetik aurrera, eta abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko egunaren karietara, Euskarabideak haurrei, gazteei eta, oro har, familiei zuzenduta antolatzen duen kultur ziklo oparoa da, Nafarroa osoan barna gauzatzen dena, eskualde guztietan eta hainbat herritan.
Kultur ziklo honen bidez, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bidez, euskarazko kultura eskaintza Nafarroako eskualde guztietara eraman nahi du, euskarak nafar lurralde osoarentzat kohesio elementu gisa duen gizarte balioa nabarmenduz. Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak azpimarratu nahi izan du “urtean zehar euskarazko jarduerarik antolatzen ez den herrietara euskarazko kultura ekitaldiak eramatea da ziklo honek duen berariazko helburua”.
Aurtengo ikuskizunak
Erran bezala, aurtengo 'Gora Gora Fest!' kultur zikloaren egitarauak bederatzi ikuskizun desberdin aurreikusten ditu: 'Baso zaindaria', haurrentzako ipuin kontaketa, 4 eta 11 urte bitartekoentzat; 'Basoa', familientzako antzerkia; 'Burua txoriz beteta', familientzako antzerkia; 'Ez dago kutxarik niretzat', gazteentzako antzerkia, 14 urtetik gorakoentzat; 'Ezberdin bezain eder', haurrentzako ipuin musikala 4 eta 11 urte bitartekoentzat; 'Jolastokia', familientzako antzerkia; 'Koadrilan dantzan', dantza urbanoko master classa (6-14 urtekoentzat); 'Iragana', magia eta etorkizuna, familientzako magia saioa; 'Tdisko-festa', familientzako besta.
“Gora-Fora Fest! 2024 jaialdiak azaroaren 2tik, larunbata, abenduaren 8a, igandea, bitartean zeharkatuko du Nafarroa, 55 herrietara iritsiz haur eta gazteendako programazio interesgarriarekin” azaldu du Arakamak. Herriak ondoko hauek dira: Alzuza (Altzuza), Andosilla, Arruazu, Auritz / Burguete, Azagra, Bakaiku, Barásoain (Barasoain), Baríndano (Barindao), Berriosuso / Berriogoiti, Burgui / Burgi, Caparroso, Carcastillo (Zarrakaztelu), Castejón, Corella, Cortes, Erratzu, Erro, Etxalar, Eugi, Fontellas, Goizueta, Gorriti, Ibero, Ituren, Jauntsarats, Jaurrieta, Larraga, Lerín (Lerin), Lodosa, Los Arcos, Lumbier (Irunberri), Luzaide / Valcarlos, Marcilla (Martzilla), Mendavia (Mendabia), Miranda de Arga (Miranda Arga), Monreal / Elo, Muez (Muetz), Murieta, Obanos, Ochagavía / Otsagabia, Olite / Erriberri, Orbaizeta, Oronoz-Mugairi, Oroz-Betelu / Orotz-Betelu, Peralta / Azkoien, Ribaforada, Ripa / Erripa, Sangüesa / Zangoza, Sesma, Tudela (Tutera), Urroz-Villa (Urrotz), Uztárroz / Uztarroze, Viana, Villatuerta, Zugarramurdi.
Ikuskizunak noiz eta non izango diren ikusteko, programa osoa Euskarabidearen webgunean kontsulta daiteke. Baita herri bakoitzeko emanaldiaren afixa lortzeko aukera ere bada jpg idudi formatuan.
Gora Gora Fest! kultur zikloaren komunikazio kanpainak iragarkiak aurreikusi ditu hainbat aldizkaritan, Nafarroako hedabideetan, interneteko prentsan eta sare sozialetan. Kanpaina honetan egindako inbertsioa 27.137 eurokoa izan da.