Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urr. 30a, 09:41

Jose Luis Arasti Ogasun kontseilaria eta Laura Aznal EH Bilduren eleduna, atzo, akordioaren sinadura ekitaldian. (Argazkia: EH Bildu)
  • Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi.
  • Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.

Arautegiaren arabera, azaroaren bata baino lehen aurkeztu behar dira aurrekontuak foru parlamentuan. Eta aurkezpen hori gaur eginen dute, atzo lotutako akordioari esker.

Bosgarren urtez jarraian lotu dute aurrekontu akordioa foru exekutiboak eta EH Bilduk. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.

Laura Aznal: “Aurrera egiteko norabidea finkatu dugu”

Negoziazio goiz luze baten buruan, atzo eguerdian sinatu zuten akordioa. “Ez gaude duela hamar urte guenden egoeran. Nafarroan alor sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko norabidea finkatu dugu, eta EH Bilduren epe luzerako begidara eta papera erabakigarria izaten ari dira horretan”, azaldu zuen indar subiranistako eledun Laura Aznalek.

Gobernuaren aldeko indarrek 15 milioi izanen dituzte zuzenketak egiteko. Horietatik 4,4 EH Bildurentzat izanen dira. Nolanahi ere, Aznalen arabera, garrantzitsuena akordio orokorra da, lorturiko konpromiso politikoak.

Arasti: “Partekatzen ditugun lehentasunak bildu ditugu”

“Gaur sinatu dugun akordioak Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk konpartitzen ditugun lehentasunak biltzen ditu, besterik ez”, azaldu zuen Jose Luis Arasti Ogasun kontseilariak. Halaber, gogora ekarri zuen joan den urtean UPNri deitu ziola aurrekontuak negoziatzeko eta alderdi erregionalistak ez ziola erantzun. Haren aburuz, aurten Javier Esparzaren alderdiari zegokion dei hori egitea, eta ez du egin.

Akordioak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du; euskara, osasuna eta etxebizitza ditu konpromiso estrategiko nagusi; eta gobernuaren erreforma fiskala aurrera aterako du.

Geroa Bai eta Zurekin ere kontent azaldu dira akordioarekin, 2015ean  zabalduriko aurrekontu bidean aurrera egiten duelakoan. Iruñeko Udaletxean ere negoziatzen ari dira aurrekontuak PSNren eta udal gobernuaren artean.

Egutegia

Aurrekontuak gaur goizeko gobernu bileran onartuko dituzte, eta eguerdian parlamentura eramanen dituzte. Zuzenketa orokorrak azaroaren 11ra arte aurkeztu ahal izanen dituzte, eta baleude, UPNk, PPk eta Voxek aurkeztuko balituzte, azaroaren 20ko osoko bilkuran bozkatuko lirateke.

Zuzenketa partzialak azaroaren 21era arte aurkez daitezke, eta zuzenketok abenduaren 9tik 13ra bozkatuko dituzte, departamentuz departamentu. Abenduaren 19an, osoko bilkura eginen dute, 2025eko aurrekontuak onartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!