1031 egun pasa dira Vicente Moreno entrenatzaileak etxetik kanpo partida bat irabazi zuen azken alditik. Estatistika kontra zuen gorritxoen gidariak, baina esaten den moduan, estatistikak apurtzeko daude.
Atzo Vicente Morenok lortu zuen gainean zuen zama hori, Osasunako zaleen artean kezka sortzen zuen mamu hori uxatzea. Huts eta bi gailendu zen Donostian Errealaren aurkako euskal derbyan, lehendabiziko zatian azaldutako nagusitasun taktikoa eta bigarren zatian Sergio Herreraren geldiketak medio.
22. Minutuan, entseatutako jokaldi batean, corner jaurtiketa batean, Lucas Torroren burukada batekin ireki zen markagailua. Bigarrena, 10 minutu geroago, Budimirren zartako batekin. Denboraldiko bostgarren gola kroaziarrarendako. Bi goletan protagonista berbera, Bryan Zaragoza; atzo gorritxoen izar, joku sortzaile eta banatzaile. Bi goletan, azken pasea eman zuen Malagakoak. Bigarren zatian Errealak burua altxatu zuen, baina Osasunak eutsi. Sergio Herreraren geldiketek hutsean mantendu zuten ate gorritxoa, eta golak balira bezala ospatu zuten Anoetara gerturatutako Osasuna zaleek.
Honenbestez, hiru puntuak Donostiatik Iruñera etorri ziren. 18 ditu dagoeneko Osasunak, 11 jardunaldi jokatu direnean. Seigarrena da sailkapen nagusian eta gora begira daude gorritxoak. Hurrengo norgehiagoka, Sadarren, larunbat honetan, azken aurreko postuan den Valladoliden aurka.