Planok departamentuek eguneroko funtzionamenduan zein herritarrekiko harremanetan dituzten hizkuntza premiak zehazten dituzte. “Aurrerapausoa da, departamentu guztietako planak jada onartita baitaude, eta gainera departamentuek haien plaza elebidunen inguruko proposamenak ere egin dituzte”, azaldu du Ollok, Euskalerria Irratiak egin dion elkarrizketa laburrean.
Orain, behar horiei erantzuteko plantillan zein egokitzapen egin behar diren zehaztea falta da. Horretarako, Funtzio Publikoak Mahai Orokorrera eraman beharko ditu planak, herritarrak euskaraz artatu ahal izanen direla bermatzeko. “Espero dugu bizpahiru hilabetetan Funtzio Publikoak proposamena Mahai Orokorrera eramatea. Hor badira prozesu administratibo batzuk, baina espero dugu datorren urteko lehen hilabeteetan planak plantilletara iristea”, iragarri du Ollok.
Lehen departamentuek, Geroa Bairen esku daudenek, otsailean eta martxoan onartu zituzten beren planak. Azkenek, PSNren esku dauden Ogasunak eta Hezkuntzak, urrian egin dute. Luzapena bainoago prozesua burutu izanaren garrantzia azpimarratu du Ollok: “Guri gustatuko zitzaigun azkarrago egitea, baina departamentu bakoitzak bere erritmoa erabaki zuen. Nire ustez, garrantzitsuena da plan guztiak onartuta daudela jada”.
Hamahiru departamentuen euskara planak Euskarabidearen webgunean aurki daitezke.