Maria Txibite lehendakariak atzo Tuteran bilera egin zuen, Erriberako hainbat eragilerekin, eta egindako urratsaren garrantzia nabarmendu zuen. Nafarroako Ubidearen bigarren fasea 2012tik egon da geldirik. Txibitek nabarmendu zuen, UPNk ez bezala, egungo gobernuak horren aldeko apustu irmoa egin duela.
Bileran izan ziren UAGN eta UCAN nekazari elkarteak, Alinar Elikadura Industria elkartea, eta Enpresarien Elkartea.
Espainiako Gobernuak onarturiko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak 27 orrialde ditu, eta aldaketa bat ezartzen dio obren proiektuari: Bardean eta Ablitasen egitekoak ziren argindar lineak lurrazpitik sartzea.
Nafarroako Ubidearen bigarren fase honek 21.500 hektarea ureztatzea aurreikusten du, baita Itoizko urtegiko ura 80.000 pertsonarengana iritsaraztea ere. Obrek 250 milioi euroko aurrekontua daukate. 2029rako lanak amaiturik egotea espero dute.