Muga meategia bat eta bakarra da, eta Nafarroa eta Aragoi arteko mugan dago. Geoalcali enpresak ustiaketarako hiru baimen eskatu zituen: bat, Goyo izenarekin, Nafarroako Gobernuari; beste bat, Muga, Aragoikoari; eta hirugarren bat, Fronterizo, Espainiakoari.
Geoalcalik hiru administrazioen ustiaketa baimenak jaso zituen, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek foru gobernuak emandakoa bertan behera utzi dute, argudiatuz meategia bat eta bakarra denez eta bi erkidegori eragiten dienez, foru exekutiboak ez duela eskuduntzarik ustiaketa baimen hori emateko.
Geoalcalik dio forma akats bat besterik ez dela, Espainiako Gobernuarekin ustiaketa baimen bakarra tramitatu behar zela, eta hartara administrazio publikoek arazoa berehala konpontzea espero duela. Nafarroako Gobernuak oraingoz ez du baloraziorik egin.