Erantzun irmoa eta laburra eman die Defentsa Ministerioak. Nafarroako Parlamentuko ordezkariek Bardeako tiro poligonoa bisitatzeko eskaera egin zuten "gertutik ezagutu ahal izateko ingurumenaren gaineko eragina, baita parke naturaleko eta biosfera erreserbako tiro poligonoaren instalazioak ere". Zurekin Nafarroak proposatu du ekimena, Geroa Bai eta EH Bilduko Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeko kideekin batera bisita egiteko.
Bardeako Aireko Kuartelaren buru Jose Manuel Bellidok hiru lerro laburreko mezuarekin baztertu du eskaera, "arrazoi operatiboak" argudiatuta. Defentsa Ministerioko Kabinete Teknikoak ez du baimena eman eskatutako bisita egiteko eta ez du beste datarik aukeran eman.
Taldeak berretsi du ez dela tiro poligonoa bisitatzen duten lehen aldia eta oso interesgarria dela bertaratzea herritarrentzat baliagarriak diren galderak egin ahal izateko. Zurekinek haserrea erakutsi du erabakiaren aurrean, Biosferaren erreserba batean tiro poligono bat izatea “astakeria” iruditzen zaielako batetik, eta gainera, bertan egiten diren maniobrekin zerikusia duten gorabeherekin topo egiten dute aldi oro, eta ez dute uste “sekretismoak laguntzen duenik". Hartara, Zurekin Nafarroak proposamen eta neurri sorta bat prestatuko du orain, hainbat erakundetara eramateko.