Trans pertsonen eskubideak dokumentu batean jaso dituzte Nafarroako LGTBI kolektiboek

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 18a, 09:10

Legearen babesa izateko eskubidea aldarrikatu dute hogei eskubidez osatutako adierazpenean. Diskriminazioa desagerrarazi eta haiekiko babesa bermatzea nahi dute. Lan eremua, osasungintza edota nazioarteko eskubideak bildu dituzte.

Hogei eskubidez osatutako adierazpena landu dute Nafarroako LGTBI kolektiboek. Arartekoari, udalei eta beste administrazio politiko batzuei helarazi diete dokumentua. Trans pertsona guztiek legearen babesa izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute eta tratu zuzena eta errespetuzkoa jasotzea eskatu dute.

Transen eskubideak – Giza eskubideak izenpean sortu dute adierazpena, izan ere trans pertsonei zis guztiei dagozkien eskubide guztiak dagozkie eta hartara, legearen babes bera merezi eta behar dute. Kolektiboko kide ororen aurkako bazterkeria eta erasoak salatu dituzte eta horretarako sortutako dokumentuan hainbat irizpide izan dituzte aintzat.

Lan eremuari dagokionez, gobernuek trans pertsonak kontratatzen dituzten enpresentzat onura fiskalak ezartzea galdegin dute, eta lan esparruan ere LGTBI errealitateekiko sentsibilitatea azpimarratu dute, prestakuntza ikastaroak txertatuz.

Osasungintzari dagokionez, nabarmendu dute pertsona transek arreta eta hormona tratamendua osasun sistema publikoan jasotzeko eskubidea dutela eta baita edozein ebakuntza kirurgiko egiteko ere. Ez da patologia bat eta tratu zuzena eta errespetuzkoa jasotzeko eskubidea bermatzea nahi dute.

Nazioarteko eskubideak ere aitortu behar zaizkiela adierazi dute, besteak beste, laguntza soziala eskatzeko edota asiloa eskatzeko. Datorren asteazkenean, urriaren 23an Transexualitatearen Despatologizazio Eguna aldarrikatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!