Leihotikan, Goazen! eta Ibil Bedik piztuko dute Zangozako Nafarroa Oinez

Haritz Pascual Garjon 2024ko urr. 8a, 12:11

Bi eguneko egitarau oparoa osatu du Zangozako ikastolak urriaren 19rako eta 20rako: 3,5 kilometroko ibilbidea, hiru gune eta hamaika ekitaldi Nafarroako ikastolen festa handirako.

“Zerura begira eta metereologia iragarpenei etengabe begira ari gara azken prestaketa lanetan” aitortu du daude Zangozako ikastolako zuzendari Nagore Oriak. Ibilbidea eta guneak prest dituzte eta gaur aurkeztu dute urriaren 20rako egitaraua.

Hiru gune izanen ditu 3,5kmtako ibilbideak: Piztu gunea, Mintzatu gunea eta Gozatu gunea. Piztu gunea herrian bertan egonen da kokatuta, txikiendako puzgarri eta haurren hiria kokatuko da bertan. Mingain Dantzari ikuskizuna, Ortzadar taldearen emanaldia eta Eztitan taldearen kontzertua izanen dira bertan besteak beste. Mintzatu gunean berriz Goazen! en kontzertua izanen da eguerdian gaztetxoendako eta Ibil Bedi eta Anarik hartuko dute eskenatokia arratsaldean. Gozatu gunean azkenik, falkoneria ikuskizuna eta Kiki, Koko eta Mokoren emankizuna egonen da goiz partean eta Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantzen kontzertuak arratsaldean. Gazteendako zezen mekanikoa ere jarriko da bertan. Ibilbidean zehar gainera, Ekialde Kantuz, Eskartxa, Katxi eta Ilunberriko Txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibar eta Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru trikitixa eskola eta joaldunak izanen dira.

Antolakuntzak berriz ere, festa jasangarriaren helburua jarri dio bere buruari eta horrela, Zangozara gerturatzen direnei etxetik edalontzi aekartzera dei egin diete. Ibilbidean zehar garbiketa lanak zaintzeaz gain, festaren irteeretan saski erraldoiak paratuko dituzte bertan, etxerako bidea hartu aurretik, euskaltzaleek beren edalontziak saskiratu ditzaten.

Egitarau osoa hemen kontsulta dezakezu

Asteburu osorako proposamena

“Nafarroa Oinez eguna baino, Nafarroa Oinez asteburua izanen da” aitortu du Eneko Alkortak, Nafarroa Oinezeko jarduera batzordeko arduradunak, “Egun handiaren bezperan, Zangozara asteburu pasa gerturatzen direnek larunbateko programazio osoa izanen dute, gaitari eta txistularien kalejirarekin, Maria Aranda magoaren ikuskizunarekin eta Mugan taldearen kontzertuarekin”. Larunbatetik Zangozara joan nahi dutenendako autokarabana gune berezia prestatu du antolakuntzak, herrigunetik gertu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!