Osasunbiderako 412 lanpostuko oposizio-lehiaketa deialdia onartu du Osasun Departamentuak

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 1a, 10:56

Oposizio-lehiaketako hamar prozesu deitu ditu aldi baterako kontrataziorako eta barne-sustapenerako. Azterketak 2025eko otsaila eta apirila bitartean egingo dira. Izena emateko epea gaurtik, urriaren 30era arte egongo da zabalik, osasun arloko enpleguaren webgunearen bidez.

Hauek dira deialdiak jasotzen dituen plaza kopuruak arloka: Osasun Zerbitzuko 60 zeladore-plaza; Erizaintzako Zainketa Laguntzaileetako 212 lanpostu; Osasun Dokumentazioko teknikari espezialista plaza bat; Anatomia Patologikoko teknikari espezialista hamar plaza; Laneko Erizaintzako erizain espezialista plaza bat; Osasun Mentaleko 22 erizain espezialista plaza; Psikologo Klinikoaren hogei plaza; Mediku Genetikako Biologo Klinikoko plaza bat, eta azkenik, Osasun Zerbitzuko eremuko 74 fakultatibo espezialistarendako plaza.

Test moduko idatzizko galdetegi bat izango da azterketa, eta psikologia, biologia eta mediku espezialisten kasuan, bigarren proba bat egingo dute kasu kliniko praktikoekin.

Azterketak 2025eko otsailean hasiko dira, psikologia klinikoari, biologiari, fakultatibo espezialistei eta zeladoreei buruzko probekin. Martxoan, erradiodiagnostikoko, osasun-dokumentazioko, anatomia patologikoko, laneko erizaintzako eta osasun mentaleko erizaintzako espezialitateetako teknikarientzako probak egingo dira. Azkenik, apirilean erizaintzako laguntzaileek egingo dute azterketa.

Izena emateko epea astearte honetatik, urriaren 1etik, hilaren 30era arte egongo da zabalik, osasun arloko enpleguaren webgunearen bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!