Astelehena jasangarriagoa izanen da gaur osasunazaleentzat, larunbateko gol festa gogoangarria oraindik aski presente izanen baitute. Barça joko bikaina eginez ordura arteko neurketa guztiak irabazita iritsi zen Sadarrera. Flick entrenatzaileak, alta, gaizki kalkulatu zuen aurkariaren indarra eta errotazio gehiegi egin zituen.
Emandako erraztasun hori lagun, gorritxoek norgehiagoka biribila egin zuten: presioan kementsu, kontraerasoan zalu eta errematean hilgarri. Aipamen berezia merezi du lehen golean pasea egin zuen eta bigarrena sartu aurretik baloia maisuki zapaldu zuen Bryan Zaragozak. Beste bi izen eta beste horrenbeste adjektibo: Torro, nekaezin; Pablo Ibañez, berpizturik.
Lehen zatiaren amaieran, gorritxorik baikorrenek ere espero ez duten bi eta hutsekoa. Bigarren zatiaren hasieran, denek espero zuten Barçaren berpizkundea: Pau Victorren gola, Sergio Herrera huts egite handi baten ondoren.
Flicken taldea hobekien zegoelarik, alta, Budimirri penaltia egin zioten, eta beltxargak berak jaurti zuen, hiru eta batekoa erdiesteko. Dagoeneko Osasunaren historiako bigarren goleatzailerik handiena da, Urbanen aurretik eta Andonegiren atzetik.
Cuélguenlo en el Louvre.
— C. A. OSASUNA (@Osasuna) September 28, 2024
pic.twitter.com/AyT3WVgOcm
Azken txanpan, beste bi gol puska area ertzetik: Bretonesek, bortizki, lau eta batekoa. Yamalek, maisuki, lau eta bikoa.
Duela 40 urte Castañedaren Osasunak Maradonaren Barçari lau eta bikoa egin zionetik ez zen halakorik ikusten Sadarren. Oinarri sendo bat Vicente Morenoren taldearentzat, denboraldiari lasaitasunez so egin ahal izateko.