Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan Agurne Gaubekak gogoratu du Hizkuntza Gutxituen Europako kartan azaltzen direnak derrigorrez bete behar dituela Espainiak, “horrela sinatu eta berretsi zuelako”. Bost urtean behin Europak neurri hauen betetze maila aztertzen du txosten batean, Gobernuei baina baita hizkuntzaren alde egiten duten erakundeei galdetuta. “Azken urtean Europako adituekin izandako bileretan azaldu diegu Nafarroako arauak suposatzen duena”, adierazi du Behatokiko arduradunak, “eskubide desberdintasuna suposatzeaz gain, euskal hiztunen eskubide urraketa ere ekartzen duelako, nahiz eta zonalde euskaldunean bizi, administrazioaren zentralizazioak zonalde mistoan ezartzen dituelako zerbitzu gehienak”, gaineratu du.