Lehen puntua urratu du Osasunak Sadarretik at, golik jaso gabe gainera. Ez da gutxi, aintzat hartuz denboraldiko kanpoko bi norgehiagoketan Gironaren eta Rayoren artean zazpi sartu zizkiotela.
Partidaz beteriko astean, zenbait aldaketa egin zituen Vicente Morenok: Herrandok, Moi Gomezek eta Raul Garciak hasieratik jokatu zuten, Catenaren, Bryanen eta Budimirren kalterako.
Partida trabatua izan zen. Gol aukerarik nabarmenena Valentziak izan zuen 59. Minutuan Sergio Herrerak hankekin bikainki gelditu zuen errematean. Atezaina gorritxorik hoberena izan zen atzo.
Budimirrek aukera garbiren bat izan zuen azken txanpan, buruz, baina ez zuen asmatu.
Laburbilduz, etxetik kanpoko denboraldiko orain arteko partidurik onena izan zen atzokoa. Aurrean kamuts baina atzean sendo. Ea aldaketa baten hasiera den.
Taldea gaur itzuliko da entrenamenduetara, larunbatean Sadarren Barçaren aurka jokatuko duen norgehiagoka prestatzeko.