Palestinarekin elkartasunean manifestaziora deitu dute urriaren 5ean

Haritz Pascual Garjon 2024ko ira. 23a, 12:48

Su etenaren aldeko kolektiboek, osasun langileek, suhiltzaileek, kirolariek…bat egin dute Golem zinemetatik irtengo den protestaren deialdian. Duela urtebete gogortu zen sarraskia salatu eta 76 urtez luzatu den Palestinarren borrokari elkartasuna adierazteko manifestazioa izanen da.

“Bidegabekeria egoera batean neutral azaltzea, erasotzailearen alde egitea da” Desmond Tuttu Nobel sariaren hitzak gogoan, kalera ateratzera deitu dute gizarte eragileek Palestinarekin elkartasunean. “Palestinak inoiz baino gehiago behar gaitu, ez bizkarra eman” adierazi dute, “Zatoz manifestaziora, protesta egin, galdegin, Palestinaren alde, Nafarroaren alde, mundu justuago baten alde”.

Datuak eman dituzte manifestazioaren deitzaileek, protestarekin bat egiteko. “Urtebetean, azken lau urtetan mundu osoan izan diren gerra guztietan baino haur gehiago hil ditu Israelek. Urtebetean, Israelek bonba gehiago jaurti ditu Gazara, Bigarren Mundu Gerran Londres, Dresde eta Hiroshimara botatakoak baino. Israelek osasun azpiegitura eta hezkuntza azpiegituren %75a suntsitu ditu”. Gogoratu dute, pasa den urteko urrian hasitako oldarraldia ez zela izan Israelen basakerien lehen kapituloa. “Sionismoak 76 urte daramatza palestinarrak etxetik botatzen, lurrak lapurtzen, landa soroak suntsitzen, haurrak, helduak eta adinekoak espetxeratzen”.

Manifestazioa datorren urriaren 5ean, arratsaldeko 18.00ean abiatuko da Iruñeko Golem zinemetatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!