Geroa Baik aurkeztutako mozioaren arabera, Mozal legeak “bilera edota manifestazio eskubideak eta oinarrizko askatasunak murrizten ditu eta zehapen-atal neurrigabea du”, askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka saihesten duena eta legezkotasunaren printzipioa zalantzan jartzen duena. Mozioa PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin-Nafarroa alderdien aldeko botoekin onartu zen eta eskuineko blokea, hau da UPN, PPN eta Vox, kontra agertu zen.
Blanca Regulez, mozioa babestu zuen Geroa baiko parlamentariaren esanetan, erabateko erreforma baten beharra du legeak, eskubideak murrizten dituelako. Inma Jurio parlamentari sozialistak bat egin zuen Geroa Baiko argudioekin eta PPri leporatu zion “bere momentuan gehiengo osoa zuela aprobetxatuz herriaren kalitate demokratikoa murriztu izana” Mozal legearen bitartez. Zurekin Nafarroaren izenean, Miguel Garridok nabarmendu zuen “jasanezina” dela “bere burua aurrerakoitzat jotzen duen gobernu batek lege hau indarrean mantentzea”. EH Bilduren izenean, Arantza Izurdiagak salatu zuen milaka izan direla Nafarroako herritarrei ezarritako zigorrak. “Protestak kriminalizatzeko onartu zen eta nazioarteko erakundeek zentsuratu dute behin eta berriro”. Bere alderdian ez dutela legea aldatzerako orduan “makillajerik” onartuko ohartarazi zuen.
Kontrako botoa eman zuten UPN, PP eta VOXek. Erregionalisten izenean, Marta Alvarezek nabarmendu zuen “elkarbizitza hautsi eta segurtasun eza eragiten dutenengandik babestu behar direla” segurtasun indarrak. Ildo beretik jo zuen PPko Javier Garciak eta “lege aldaketak herritarren segurtasun falta areagotuko” duela gogorarazi zuen.