“Emakumeek hesi sozial, ekonomiko eta kulturalei aurre egin behar izaten diete eta horrek bazterketa sozial egoeran erortzeko arriskuan jartzen ditu”. Hala azaldu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, prentsa ohar baten bitartez. Sareak 30 urte egin ditu eta urteurrenaren kontura atzo jardunaldi berezia egin zuten, “30 urte gizarte aldaketaren alde” lelopean.
“Pobreziak emakume aurpegia dauka. Lan munduan hesiak ikusten ditugu. Esate baterako, zaintza lanetan ardura partekaturik ezak lan prekaritate handiagoa eragiten du, eta horrek pobrezia edota bazterketa sozial egoera batera eraman zaitzake”, azaldu zuen sareko zuzendaritza taldeko kide Alba Ekizak.
Jardunaldien antolatzaileek nabarmendu dutenez, “bazterketa sozialak kausa askoren ondorioa da, konparaziora, langabeziaren, tratu txarren, arrazakeriaren edota aporafobiaren ondorioa”.