Haurrentzako Antzerki Testuen XXXIII. Lehiaketaren irabazle izan da Izar uxo obra. Euskarazko kategorian izan da hori, eta gaztelaniaz ordea, Paula Llorensen El árbol lanak irabazi du. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarlanean antolatzen dute lehiaketa eta aurten, guztira, 125 obra aurkeztu dira, aurreko edizioan baino %65 gehiago. 119 gaztelaniazko testuak izan dira, eta sei besterik ez, euskarazkoak.
Sormena, originaltasuna, literatura kalitatea eta eszenaratzeko ematen duen aukera izan dira epaimahaiak aintzat hartu dituen alorrak. Iosu Camara, Izaskun Mujikak eta Monika Torre arduratu dira euskarazko lana hautatzeaz. Testuaren egitura xumea, baina oso koherentea, ondo garatutako edukia eta hizkuntza aberatsa izanagatik hautatu dute Izar uxo. Gaia, tonua, pertsonaien aurkezpena eta deskribapena ere nabarmendu dute. Beldurra, desioak eta ametsak biltzen ditu Izar uxok.
Irabaztearekin bat, igandean estreinatuko dute Iturainen lana Nafarroako Antzerki Eskolan, arratsaldeko 18:00etan izango da hori. Eva Azpilikueta eta Laura Villanuevaren zuzendaritzapean, Eva Azpilikueta, Txetxu Collado, Monika Torre eta Laura Villanueva izango dira oholtzan. Aurrerantzean, obra eskola-kanpainan ere eskainiko dute.