Klasikoek lioketen moduan, norgehiagokak bi zati eduki zituen, lehena eta bigarrena.
Erran nahi baita lehenean txukun aritu zirela gorritxoak, defentsan tinko, eta erasoan zalu. Raul Garciaren gol ederrari esker, zero eta batekoarekin joan ziren aldagelera.
Bigarren zatian, alta, gorritxoek kemena galdu zuten, eta horrekin batera zelaiaren zati handi bat. Atzean indarge sartuta, bata bestearen atzetik jaso zituzten Iñigo Perezek zuzenduriko taldearen golak: Muminen jaurtiketa indartsua, Ratiuren erremate erraza, David Lopezen barneraldi oposiziorik gabea.
Denboraldia hasi zenetik Vicente Morenoren taldeak bi norgehiagoka jokatu ditu Sadarretik at. Biak galtzeaz gain, zazpi gol jaso ditu, oso itxura ahula emanda, Fofo Pailazoaren karrikan jokaturiko bigarren honetan markagailuan aurretik jarrita ere. Bistan da entrenatzaile valentziarrak beste gidoi bat asmatu beharko duela etxetik kanpoko norgehiagoketarako.