Estatuaren indarkeriaren beste hiru biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Haritz Pascual Garjon 2024ko ira. 13a, 09:04

Guardia Zibilak eraildako Miguel Iturbidek eta Espainiako Poliziaren eskutan torturak pairatu zituzten Felix Jimenezek eta Ibai Azkonak jasoko dute aitortza ofiziala.

1967an Guardia Zibilak tiroz erail zuen Miguel Iturbide Zugarramurdin, 16 urte besterik ez zuenean. Erailketa justifikatzeko, ETAko kidea zela esan zuen Guardia Zibilak, eta arma bat jarri zioten eskuetan. Auzia artxibatu egin zen eta bere hilketaren arduradunak ez ziren inoiz zigortuak izan.

Félix Jimenez Espainiako Poliziak bitan atxilotu eta torturatu zituen, 1978an eta 1982an. Lehenengo atxiloketa LKI egoitzaren aurkako eraso faxista bat salatzeko komisaldegira joan zenean gertatu zen. Bigarrenean, manifestazio batean atxilotu zuen Poliziak, eta komisaldegian sudurra apurtu zioten. Gertakari hau salatu zuen eta epaiketa batean arrazoia eman zioten Jimenezi.

Ibai Azkona Espainiako Poliziak atxilotu zuen 2008an, Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazio garaian, tortura fisiko eta psikologikoak jasan zituen. Marlaskaren aurrean torturak salatu zituen, baita Iruñeko epaitegian ere. Salaketa artxibatu egin zen.

Aitortza hauek 16/2019 Foru Legearen arabera sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman ditu. Batzorde horren helburua Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!