Lesakan abiatuko da gaur Bardoen arteko lehia

Euskalerria Irratia 2024ko ira. 13a, 08:03

Bardoetan parte hartuko dutenetako batzuk, gaur Iruñean egindako aurkezpenean.

Nafarroako taldekako bertsolari txapelketako lehen saioan Hor gu! eta Errimaren matxinatuak taldeak aurrez aurre ariko dira gaur, 19:00etatik Aurrera, Lesakako Beheko Plazan.

Dena prest dago 2024ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa martxan jartzeko. Irailaren 13an hasiko da egitasmoa, bi saiorekin, urriaren 26an izango da finala, Garesen. Beste behin ere, auzolana eta talde lana izango da oinarri.

2012an sortu zen Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz.

2024an jokatuko da Bardoak taldekako txapelketaren zazpigarren aldia. Oraingoan ere, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak. Hain zuzen ere Irurtzun, Tafalla, Etxauri, Irunberri, Iruñea eta Tuteran. Modu horretan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. 

Irailaren 13an hasi eta urriaren 26ra arte, guztira 20 saio izango ditu taldekako txapelketak. Finala Garesen egingo da, eta lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.

Transmisio lanaren erakusgarri

Bere xumean, handia da 2024ko Bardoak egitasmoa. Oraingoan 91 kidek hartuko dute parte: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango dira Bardoak. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du Bardoak egitasmoak.

Bertso Eskolekin batera, ezinbestekoa da ere Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta tokian tokiko udal eta mankomunitateekin elkarlanean, ikastetxetan egiten duen lana. ‘Bertsolaritza irakaskuntzan’ programaren bitartez, Nafarroa osoko 2.900 ikasle inguruk lantzen dute bertsoa eskola orduetan, 42 udalerritako 58 hezkuntza zentroetan. Ongarri ezinbesteko horren ondorio da neurri batean Bertso Eskolen sarea, eta baita Bardoak egitasmoa ere.

Badatoz Bardoak plazara, haien kantua entzunaraziz. Haiekin gozatzeko tenorea da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!