Arratsaldeko txandetan dituzte hutsune gehien. Zangozako ikastola ari da prestatzen 2024ko Nafarroa Oinez eta urriaren 20rako txandak betetzen ari badira ere oraindik ere laguntzaileak behar dituzte. Sare sozialetan egin dute deia: formulari bat betetzeko eskatzen ari dira segurtasuna zaintzeko, ostalaritzan aritzeko edota garbitasunean lan egiteko prest dauden herritarrak animatzeko asmoz. "Beharrezkoa dugu festa honetatik aterako den dirua aurrera egiteko. Zangozako ikastola txikia da eta oraindik ere 2005ean egindako inbertsioko zorra kitatu behar dugu", hala esan du Nagore Oria Telletxea ikastolako zuzendariak. Urte hartan egin zuten Haur Hezkuntzako ikasleentzako eraikina eta oraindik ere zorra kentzeko ordainketak egiten ari dira. Horrez gainera, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako eraikina 1991ekoa denez leihoak ere aldatzeko daudela jakinarazi du Oriak: "Jasangarritasuna ahalik eta gehiena izan dadin eta energetikoki efiziente izateko ezinbestekoa da inbertsio hori egitea", azaldu du.
Zangozako ikastola euskararen arnasgune da eremu horretan. 172 ikasle, ez bakarrik Zangozakoak, Irunberri, Kaseda, Oibar, Esa, Ledea edota Petillako haurrak ere jasotzen dituelako. 26 profesional eta 0 urtetik 16ra bitartean eskaintzen dute euskarazko baina baita hezkuntza eleanitza.