Badatoz Bardoak eta Nafarroako taldekako bertsolari txapelketak zintzurrak berotu ditu dagoeneko. Ostiralean, irailaren 13an abiatuko da 2024ko txapelketa eta urriaren 26ra arte luzatuko da; finala Garesen izango da. Bi urtean behin jokatzen da eta aurten zazpigarren aldia da 2012an sortu zenetik.
Urtero-urtero, geroz eta herri gehiago bilakatu dira plaza. Hain zuzen ere, Nafarroako bazter gehienetara gerturatu nahi izan du bertsoa Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Saio nagusiak, Etxauri, Irunberri, Iruñea, Irurtzun, Tafalla eta Tuteran izango dira. Hala ere, oholtza berriak batuko dira aurten, Atarrabia, Erratzu, Erronkari, Eugi, Gares, Leitza (…), Lekaroz, Lekunberri, Lesaka, Lizarra, Olazti eta Sunbilla ere izanen dira plaza.
13 taldek parte hartuko dute, guztira 91 kidek, eta 20 saio inguru egingo dituzte. Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa izatea bilatzen du Bardoak. Horren bitartez, Bertso Eskolen sarea aktibatu eta indartu nahi du Bertsozale Elkarteak. Gainera bertsolarien harrobia eta sarea hauspotzeko balio du, hasiberriei plaza emanez. Taldean, euskaraz eta umorez gozatzeko formatu berritzailea da taldekako Bertsolaritza Txapelketa eta haiekin gozatzera gonbidatu du elkarteak.