Nafarroan 21 pertsona hil dira beroagatik azken astean

Bidane Beloki Ezker 2024ko abu. 12a, 10:23

Uztailaren 28tik abuztuaren 5era bitarteko astea urteko beroena izan dela erregistratu du Carlos III .a Osasun Institutuak. Guztira, udan, 1.308 heriotza erregistratu dira Estatuan.

Nafarroan 21 pertsona hil dira beroa dela eta azken bero boladan. Uztailaren 28tik abuztuaren 5era bitarteko astea beroari dagokionez urteko txarrena izan da Carlos III .a Osasun Institutuaren arabera. Ondorioz, Estatuan 608 heriotza erregistratu dira beroa dela eta. Uda hasi zenetik, guztira, 1.308 heriotza erregistratu dira.

Datuei erreparatuta adinaren arabera kasu gehienak 65 urtetik gorako pertsonen artean izan dira, eta batez ere, 75 eta 84 urte bitarteko pertsonak izan dira kaltetuenak. Osasun Ministerioak beroaldiak eragin dezakeen kalteez ohartarazi du eta adierazi du gehiegizko beroak bizi-funtzioak alda ditzakeela gorputza barne-tenperaturaren aldaketak konpentsatzeko gai ez bada.

Halaber, nabarmendu du tenperatura oso altuak ura eta elektrolitoak galtzea eragiten duela, eta horiek beharrezkoak direla organoen funtzionamendu normalerako. Eta halaxe gertatu zaio pertsona bati asteburuan. Izan ere, pertsona bat erreskatatu dute Saioa mendian bero-kolpearekin, eta Ezkaurren, beste bi mendizale erreskatatu dituzte galduta eta deshidratatuta. Gomendioak beraz, goiz ibiltzea, ohi baino ur gehiago eramatea, janaria eramatea eta ibai zein basoen gertuko ibilbideak aukeratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!