Paquita Bretos Andueza zendu da, mendizale aitzindari eta antifrankista

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko abu. 12a, 07:31

Paquita Bretos Andueza, Josefina Lanbertorekin batera, Berria-k egindako elkarrizketa batean.

96 urterekin eman du azken hatsa. Nafarroa Garaian zein Euskal Herri osoan, mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen, Angel Oloron senarrarekin batera.

Belaguako mendi aterpearen bultzatzaileetako bat izan zen, ETBn egin zioten elkarrizketa bataan gogora ekarri zuen bezala: “Militarrek sekulako gerra eman ziguten, ez baitzuten aterpea egiterik nahi”.

2020an, bere senarra zenaren izena zeraman aterpearen berreraikuntza lanetako lehen harria jarri zuen. Senarrak eta biok lan handia egin zuten Nafarroa Kirol Elkartean, Club Deportivo Navarran.

Nafarroa Garaian eta Euskal Herri osoan mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen. Euskal Federazioan, lehen emakumezko federatuetako bat. Berriki, omenaldia egin diote, federazioaren mendeurrenaren karietara.

Kontrabando eta mugalari lanetan ere ibilia zen; bere burua komunista, ateo eta antiklerikaltzat zuen; eta frankismoaren errepresio gordina jasan zuen. Amarekin batera, Gernikako bonbardaketa pairatu zuen, Berriak egindako elkarrizketa batean kontatu bezala: “Amak zera zioen: senarra frontean dut, semea Iruñean eta martxa honetan neska honi ere zerbait gertatuko zaio. Horregatik ninderaman berarekin, eta horregatik ikusi nuen Gernikako bonbardaketa”.

Ama, Bibiana Andueza irakasle iruindarra, espetxeratu zioten. Aita, Jose Bretos komunista, Pasaian fusilatu zuten.

Goian bego, hainbeste maite zituen goi mendi eta zelaietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!