Zaragoza fitxatu du Osasunak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko abu. 9a, 07:15

Bryan Zaragoza, aurredenboraldian Munitxeko Bayernekin jokatu dituen norgehiagoketako batean. (Argazkia: Munitxeko Bayern, Instagram).

Espero gabeko fitxaketa egin du gizonezkoen Osasunak: Bryan Zaragoza aurrelari bizia. Denboraldi batez ariko da gorritxoekin, Municheko Bayernek utzirik.

Osasunako zuzendari teikniko Braulio Vazquezek joan den asteko agerraldian esan zuen lehentasun erabatekoa erdiko atzelari bat fitxatzea zela, eta ezker hegaleko aurrelari bat iritsi da.

Bryan Zaragozaren atzetik ibili dira Katalan Herrietako Valentzia eta Girona, baita Italiako Erromako Juventus ere, baina azkenean Iruñera dator: atzo bertan gainditu zuen osasun azterketa eta gaur fitxaketa ofizial eginen dute.

Zaragozak joan den denboraldian hasiera bikaina egin zuen Granadarekin, joko bizia eginez eta sei gol sartuz. Hori ikusirik, Bayernek fitxatu zuen, talde andaluziarrari 18 milioi euro ordainduz, 2029ra arte lotzeko.

Haatik, Alemanian dirdira apaldu zitzaion: zazpi partida besterik ez zuen jokatu, bakarra titular moduan. Hori horrela, Bayernek beste talde batera utzita bidaltzea erabaki du, joka dezan, ondu dadin.

Bild egunkariaren arabera, Osasunak fitxaren erdia ordainduko dio, eta talde alemaniarrak beste erdia, baina Gazteluko plazako taldeak oraindik ez de argitu zehazki zenbateko hori zein izanen den.

Bryan Zaragozak 23 urte ditu, 1,64 metro luze eta 60 kilo. 55 partida jokatu ditu Granadarekin, horietako 21 Lehen Mailan. Eta Espainiako selekzioarekin behin jokatu du.

Bestalde, Osasunaren bigarren taldeko jokalari Ander Yoldi Cordoban utzita ariko da denboraldi honetan. Talde andaluziarrak jokalaria erosteko aukera izanen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!