Osasunaren gizonezkoen taldeko lehen kapitaina badoa. Zuzendaritzaren baimenarekin, Iberoko erdiko atzelariak Katarrera bidaia egin zuen atzo, Al-Rayyan taldearekin osasun azterketa egiteko.
Itxura guztien arabera, gainditzen badu, talde katartarreko jokalari bihurtuko da. Al-Rayyanek 9,5 milioi euro ordainduko dizkio Osasunari horren truke, gehi beste milioi erdi bat gehigarri aldakorretan. Esan gabe doa Garciak askoz gehiago kobratuko duela Katarren Iruñean baino.
Iberoko jokalariak Gazteluko plazako taldeari alde egin nahi zuela jakinarazi zionetik, zuzendaritzaren xedea izan da ahalik eta diru gehien jasotzen ahalegintzea irteera horren truke, jakinda ordezkoa lortzea ez dela merkea izanen.
Al-Shabbab talde arabiarrak bost milioi eskaini zituen Garciaren truke, eta Al-Rayyanek berak, joan den astelehenean zazpi, baina bioi ezezko biribilarekin erantzun zien Osasunak. Hamar milioi euroko eskaintzarekin, alta, akordioa heldu da.
David Garcia bederatzi urterekin iritsi zen Taxoarera, San Agustin ikastetxearen taldetik. Ordutik 21 urte eman ditu taldean, azken denboraldiotan, lehen kapitain moduan. 2015ean, salbazioaren gol gogoangarria sartu zuen Sabadellen, Osasuna Bigarren B mailara jaisteko arriskuan zegoelarik. Berrikiago, gol garrantzitsua egin zuen Betisen aurka, Kopako finalerdietan, Osasuna finalerako sailka zedin.