Sara San Julian (NABI): "Zaintza denon eskubidea eta beharra da, politika publikoak horretara jo behar du"

Miren Mindegia 2024ko uzt. 24a, 12:18

Abuztuaren 1era arte, toki-erakundeek zainketaren inguruan sentsibilizatzeko proiektuak garatzeko diru-laguntza eskatu dezakete

Nafarroako Gobernuak zabalik du, abuztuaren 1era arte, Zainketen aldeko Tokiko Ituna sinatu duten toki entitateek programa horrekin lotutako proiektuak garatzeko laguntzen  deialdia, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak bultzatuta. 

Tokiko erakundeek 5.000 eurorainoko diru-laguntzak jaso ditzakete aurkezten dituzten proiektuetarako. 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko urriaren 31ra bitartean egiten diren eta programaren esku-hartze ardatzetako batekin zerikusia duten jarduerek jaso dezakete diru-laguntza: zainketen arloko sentsibilizazio-ekintzak, zainketen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza saioak, zaintzak administrazioko eta gizarte-erakunde publiko eta pribatuetako langileen artean banatzeko barne-neurriak edo  zainketekin lotuta dauden herritarrei zuzendutako ekintza eta neurriak. 

Sara San Julian Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari-ordeak adierazi duenez, azken urteotan mugimendu feministatik egin den lanak zaintza agenda politikoaren erdigunean jartzea lortu du: "Ezin dugu zaintza eremu pribatura mugatu. Zaintza eskubidea eta beharra da aldi berean, eta politika publikoak horretara jo behar du. Lehenengo erronka, bizikidetza eredu berri bat sortzea da, non zaintzak gizonen eta emakumeen artean ongi banatuta egongo diren, modu bidezko eta ekitatibo batean". 

Eskaerak telematikoki aurkeztu daitezke Nafarroako Gobernuak horretara bideratutako atarian. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!