'Nafarroa, orotan lagun' plataforma erakundeen eta boluntarioen arteko zubia

Euskalerria Irratia 2024ko uzt. 22a, 13:49

Joseba Asiain, Felix Taberna eta Toya Bernad 'Nafarroa, orotan lagun' plataformaren aurkezpenean.

260 boluntariotza-erakunde jasotzen ditu mapak, 300 puntu baino gehiagotan. Interaktiboa eta bizia da mapa eta beraz eguneratzen doa. Nafarroako Gobernuak eta NASERTICek elkarlanean egindako plataforma da.

Udan boluntariotzak ez du oporrik hartzen eta beharrak ez dira eteten; izan ere, hainbat kasutan proiektuak eta boluntarioen beharra areagotu egiten dira. Hartara, ‘Nafarroa, orotan lagun’ plataforma aurkeztu dute gaur. Felix Taberna, lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak uda “hausnarketa unea” dela nabarmendu du, eta hartara, boluntariotzaren garrantzia goraipatzeko unea dela.

Nafarroako boluntarioen mapa interaktiboa da ‘Nafarroa, orotan lagun’ plataforma eta parte hartzen duten erakundeen eta boluntario izan nahi duten herritarren arteko zubia da; eskaintza eta eskaera bat egiten dute. Urtean zehar egiten diren proiektuak mantentzeaz gain udarako boluntario-ekintzen zerrenda zabala batzen zaio eta eragin eremuen arabera sailka daitezke proiektuak. Gizartea, komunikazioa, migrazioa, prestakuntza, ingurumena edota kirola daude aukeren artean. NASERTICekin elkarlanean gauzatu du Foru Exekutiboak proiektua.

260 boluntariotza-erakunde jasotzen ditu mapak, 300 puntu baino gehiagotan. Toya Bernad, NASERTICeko Berrikuntza, Komunikazio eta Herritarren Arretarako zuzendariak azaldu bezala, “ez daude denak, baina uda osoa dugu eguneratzen eta osatzen joateko, mapa interaktiboa eta bizia baita”. Mapan erakunde bakoitzaren programa kontsultatu daiteke, aurkezpena, ekintza esparruak, dituzten baliabideak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak eta azkenik, zein den behar duten laguntza.

175 erakunde eta 3.260 pertsonak izena eman dute ‘Nafarroa, orotan lagun’ plataforman. Hala ere, ohartarazi dute plataformatik kanpo badirela boluntario asko, izatez, gainera, Estatuko boluntariotzaren behatokiaren arabera Nafarroa da boluntariotzan gailentzen den erkidegoetako bat.

Pertsona bezain beste boluntariotza daude eta edozeinetan parte hartzera animatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako eta informazio gehiagorako, boluntariotzaren mapa navarramasvoluntaria.es webgunean kontsultatu daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!