Gorenaren epaia bete eta 2026ko uztailerako Nafarroak Trafiko eskumen osoa berreskuratuko du

Bidane Beloki Ezker 2024ko uzt. 18a, 09:00

Transferentzien Batzordearen Nafarroako ordezkaritza bildu da eta eskualdatzea egiteko Auzitegi Gorenaren proposamena babestu dute gobernu taldeek. Berme osoz Trafiko eskumena berreskuratzeko izapideak egiteko epea luzatu dute. Uztailaren 23an eginen dute hurrengo batzordea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren, LORAFNAren, moldaketa izan zen Auzitegi Gorenaren azken eskaera Trafiko eskumena eskuratzeko, “legegintzarako mekanismo egokia” ez zela iritzita. Horretarako konpromisoa azaldu zuen Maria Txibiteren gobernuak. Foru Erkidegoari Trafikoko eskumen osoa eskualdatzeko prozesuaren jarraipena egin zuten atzo eta urrats formala eman dute dagoeneko.

Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Presidentzia eta Berdintasun kontseilariak azaldu bezala, “gehiengo jarrerarekin aurrera eramango du sententzia, moldatuko dugu legea eta epea zabalduko dugu izapideak egoki egiteko”.

Transferentzia Batzordeari helaraziko diote aldeko jarrera hori, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako administrazioak osatzen duten batzordean, datorren asteartean izanen dena. Eta handik bi urtera, beranduenez 2026ko uztailean Trafiko eskumena Nafarroaren esku geratuko da. Epe horren baitan berme guztiekin egin ahal izango dira Nafarroak Trafiko eskumen osoa berreskuratzeko egin beharreko izapide guztiak. 2025 urtarrilean hasiko da atzera-kontaketa, legearen hobekuntza gauzatzen denean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Moldaketen artean akordioak zehazten du "orain arte izan dituen ahalmen eta eskumenez gain, Nafarroari dagokiola Estatuko legedia betearazteko eskumena, baita trafikoa zaindu eta kontrolatzeko eskumena ere". Bestalde, arau-hausteak antzemateko funtzio izan ahal izateko Lege Organikoa aldatu behar da; Foruzaingoaren eskumenak LORAFNAn xedatutakoaren arabera arautuko direla. Hartara, Nafarroa ez da trafikoko isunak biltzen hasiko 2026ra arte, aurreikusitakoa baino urtebete beranduago eta pixkanakako prozesuan.

Alderdi guztiek, PPk eta Voxek izan ezik, tramitea babestu dute

EH Bilduk "pauso bat gehiago" ematea txalotu du, baina epeak "atzeratu" egin direla deitoratu du Laura Aznalek. Gero Baik ere Nafarroako Transferentzien Batzordearen jarrera babestu du. "Horrek Nafarroako autogobernuarekin eta Trafiko eskumenaren transferentziarekin dugun konpromisoa erakusten du", azaldu du Maria Solana bozeramaileak. PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek bilerarekin "pauso garrantzitsuak” ematen jarraitzen dutela Trafikoaren eskumena errealitate izan dadin adierazi du, azpimarratuz “PP eta Vox kanpo dauden arren".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!