Foru Gobernuaren “jarrera euskarafoboa” salatu du Euskararen Defentsarako Sareak

Bidane Beloki Ezker 2024ko uzt. 3a, 09:49

Euskararen Defentsarako Sareak deituta elkarretaratzea egin dute Iruñean salatzeko PSNk “trabak” jartzen dizkiola D ereduari. Oibarren D ereduko haur eskola sortzeako eskaerari muzin egin dio Nafarroako Gobernuak.

2016an D eredu publikoan ikasteko eskubidea Nafarroa osora zabaldu zuten arren, udalerri askotan salatu dute administrazioak trabak ezarri dizkiela D ereduaren alde egiten duten familiei. Fermintxo Zabaltzak Euskararen Defentsarako Sareko kideak azaldu bezala, Hezkuntza Departamentua Txibiteren alderdiaren esku dagoenetik, “etengabe jarri dizkiote oztopoak euskarari”.

Mendigorrian, Lerinen, Lezkairun edota Larragan izandako euskararen kontrako oldarraldiak ekarri dituzte gogora. Eta azkenak ere, Oibarren D ereduko haur eskola sortzea eskatu duten familien eskaera baztertu du eta Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle kanpo geratu dira Hezkuntza Departamentuak Batxilergoko lerro bat ezabatzearen ondorioz.

PSNk euskararen aldeko hitzezko apustua egiten duela eta gerora politika “euskarafoboak” ezartzen dituztela gaitzetsi dute Euskararen Defentsarako Sareko kideek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!