Hezkuntza Departamentua Oibarren euskarazko haur-eskola zabaltzeko trabak jartzen ari dela salatu dute

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko eka. 18a, 08:03

Atzo Oibarko plazan egindako agerraldia. (Behatokia)

Hamar familiak haien bat eta hiru urte arteko seme-alabak D ereduan aurrematrikulatu dituzte, baina Gimenoren departamentuak euskarazko lerroa zabaltzeko baimena ukatu du. Hala salatu dute hainbat herritarrek eta eragilek herriko plazan.

2024ko otsailean, Oibarko Udalak Hezkuntza Departamentura 2024-2025 ikasturterako Haur Eskola bat irekitzeko interesa agertzen zuen adierazpena bidali zuen. Departamentuko teknikariek eskatutako txosten, balorazio eta bilera guztiak egin ondoren, maiatzean eskola irekitzeko behar zen dokumentazio guztia aurkeztu zuten, eta aurrematrikula aldi bat antolatu zuten. Hamar familiak eskatu zuten bat eta hiru urte arteko seme-alabak Oibarko Haur Eskolan euskaraz matrikulatzea.

Ekainean, ordea, matrikulazio epea hasi baino egun bat lehenago, Hezkuntza Departamentua telefonoz jarri zen harremanetan Oibarko Udalarekin, euskarazko plazen eskaintza zela eta, haur eskolaren irekierarako baimenik ez zutela emango adierazteko. Departamentuko arduradunen arabera, haur-eskolaren ondotik herriko ikastetxe publikoan ezin da euskaraz ikasi, eta horrek ikastetxearen egoera baldintza dezake.

Departamentuari udalaren eskaerari ezetza ematen dion txosten teknikoa behin eta berriz eskatu dioten arren, ez diete eman. Hezkuntza zuzendari nagusiak esan dien bakarra da matrikulak ezin direla egin Hezkuntza Departamentuaren baimenik gabe.

Egun, Oibarko Gabriel Valentin ikastetxe publikoan G (gaztelania hutsezkoa) eta A (euskara ikasgai duena) ereduak ematen dituzte, baina D (euskarazkoa) eredurik ez dago.

Atzo familiok eta hainbat eragilek agerraldia egin zuten herriko plazan. Han ziren, besteak beste, Behatokiko eta Sortzen plataformako ordezkariak. “Oroitarazi nahiko genuke Oibarko neska-mutilek eskubidea izan beharko luketela herrian dauden baliabideak erabiltzeko eta euskaraz ikasi ahal izateko, horrela etorkizuneko oibartarrek Nafarroako bi hizkuntzak erabiltzeko gai izango direla bermatzeko”.

“Departamentua legea urratzen ari da”

Halaber, nabarmendu zuten 2017ko ekainetik Oibar Euskararen Legearen araberako Eremu Mistoan dagoela, eta hartara Hezkuntza Departamentua Euskararen Legeak dioenaren aurka ari dela.

Izan ere, legeak, II. kapituluan, 25. artikuluan, honako hau dio: “Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkanaka-pixkanaka, progresiboki, eta behar adina ikastetxetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz, hala eskatzen dutenendako”.

“Mendigorria, Larraga, Lerin eta orain Oibar. Azken urteotan Hezkuntza Departamentuak, Nafarroako eskualde batzuetan euskararen irakaskuntza berariaz sustatu beharrean, aitzakia desberdinak jartzen ari da euskararen irakaskuntza geldiarazteko edo baldintzatzeko”, salatu zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!