Arartekoaren iritziz ikastetxeen jardunaldia erabakitzeko agindua “diskriminatzailea” da eta aldatzeko iradoki dio Hezkuntzari

Bidane Beloki Ezker 2024ko eka. 7a, 10:15

Aldaketak arautu dituen lege agindua bera zalantzan jarri du Patxi Bera Arartekoak zenbait ikastetxetako familiek kexa jarri ostean. Uste du ez zela bidezkoa izan, bereziki, jardunaldi zatitua nahi ez zutenentzat.

Egungo foru agindua jardunaldi zatitua aukeratu ez dutenentzat bidegabea dela ondorioztatu du Patxi Vera Arartekoak. Alegia, jardunaldi jarraitua ala malguaren alde egin dutenentzat diskriminatzailea dela adierazi du.

Horregatik, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari iradoki dio alda dezala joan den azaroan onartutako araudia, non familiek bozketa bidez erabaki zuten ordutegia gutxienez 3/5 aldeko boto izanik. Proposamen honetan lanaldi-aukera guztiak ez zirela bozkagai adierazi du Arartekoak eta ondorioz, botoen gehiengoa eskuratzeko sistema aldatzea eskatu du.

Arartekoaren ebazpenak Etxalar, Gares eta Lesakako ikastetxe publikoetako familiek aurkeztutako kexei erantzuten die; hirurek uko egiten baitiote Hezkuntzak eskatutako gehiengoari. Guztira, 18 ikastetxetan ez zuten lortu eskatutako ehunekoa jardunaldia aldatzeko, jarraituaren aldeko boto gehiago izan ziren arren, ez zuten lortu erroldaren %60 eskuratzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!