Siemens Gamesak Nafarroan eragin dezaketen murrizketak iragarri ditu

Bidane Beloki Ezker 2024ko mai. 29a, 10:07

Mundu mailan izango dira murrizketak eta oraindik ez dute argitu nola eragingo duen Nafarroan, nahiz eta bulegoetan izango dela iragarri duen enpresa batzordeak. Irteera naturalak baliatu nahi ditu enpresak eta ahalik eta kaleratze gehien saihesteko lanean ari dira sindikatuak. Uztailaren erdialderako deitu dute Enplegu Mahaia.

Mundu mailan 4.100 lanpostu murrizteko asmoa iragarri du eta Espainiar Estatuan 430 izango dira. Madrilen, Euskal Autonomía Erkidegoan eta Nafarroan kokatzen dira zentroak, eta Foru Erkidegoan zehazki, 1.800 dira lanpostuak. Dena den, oraindik ikusteko dago zer nolako eragina izango duen Nafarroan.

Enpresak adierazi duenez nagusiki bulegoetan izango du eragina eta ez fabriketan. "Posizio berriak" sortuko direla ere nabarmendu du enpresa batzordeak. Horrek “planifikatutako posizioen murrizketak orekatzen lagunduko du hein batean”, datozen urteetan Siemens Gamesako egungo enplegu-mailari eusteko asmoa adierazi baitu enpresak. Bide beretik, murrizketak arintzeko erretiro edo birkokatzeen bidezko irteera naturalak baliatu nahi dituzte.

Enpresak negoziazio-prozesua abiatuko du sindikatuekin ahalik eta kaleratze gehien saihesteko eta uztailaren erdialderako deitu dute Enplegu Mahaia. Kezka ere Gobernuko mahaigainera iritsi da eta Mikel Irujo Industria kontseilariak nabarmendu duenez, “Nafarroako Gobernua etengabeko harremanetan dago enpresarekin, sindikatuekin eta eskumena duten ministerioekin, erantzun bat ebaluatzeko eta balizko ekintzak koordinatzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!