“Irrist egin behar ez genuenean egin dugu irrist”. Hala laburbildu zuen gorritxoen entrenatzaile Josu Martinezek atzo gertaturikoa. Izan ere, atzo Osasunako jokalariak zentzu literal zein figuratuan labaindu ziren.
Lehen zatiko 20. minutuan, batere arriskurik gabeko erdiraketa batean, Maitane atezain gorritxoak laprast egin zuen, eta Lice Chamorro aurrelari txuri-urdina bakarrik utzi zuen baloiarekin, lehen gola egin zezan.
Hortik aurrera, nahi eta ezinean aritu ziren Osasunako jokalariak, golak eta final bat jokatzearen ardurak zamaturik. Celia Otsoa eta Carol Marin gorritxoak saiatu ziren, baina Romane Salvador atezainak segurtasun handiz erantzun zien.
38. minutuan LIce Chamorrok Espanyolen bigarrena egin zuen. 54.ean, Ana Hernandezek hirugarrena. Dena galduta zirudielarik, 85.ean, Merche Izalek talde nafarra kanporaketa berdintzetik gol bakarrera uzten zuen hiru eta batekoa egin zuen.
Baina ez zen aski izan. Eskema zein jokalari aldaketek ez zuten fruiturik eman. Distira izan ohi duten Maite Valero bezalako jokalariak itzalita ikusi genituen. Sadarren lorturiko abantaila ezerezean geratu zen.
Gorritxoek zazpi partida zeramatzaten jarraian Espanyolen aurka galdu gabe. Eta gutxien komeni zenean egin zuten kale. Nolanahi ere, Martinezek esan bezala, atzoko irristaldiak ezin du zikindu taldeak egindako denboraldi distiratsua.