Anbiziorik gabeko berdinketa erdietsi zuten atzo gorritxoek. Garaipena eskura edukita, uzkurturik kemenik gabe aritu baitziren.
Klasikoek lioketen moduan, norgehiagokak bi zati eduki zituen: lehena eta bigarrena. Erran nahi baita bata eta bestea guztiz ezberdinak izan zirela.
Lehenean, Osasuna gehiago izan zen Mallorca baino. Nagusitasun horren fruitua, Jon Moncayolak 14. minutuan, jaurtiketa zital baten bitartez, lorturiko gola. Moncayola bera, Aitor Fernandez eta Iker Muñoz izan ziren hoberenak, elastiko gorriarekin.
Bigarren zatian, aldiz, Javier Agirrek eskeman aldaketak egin zituen. Eta bere taldeari freskura eman zioten gizonak ere zelairatu zituen. Horren aitzinean, gorritxoak uzkurtu egin ziren eta oso agerian geratu zen haiek ez zutela deus jokoan, eta baleartarrek, aldiz, bai.
Gainera, larunbateko euskal derbian nola, atzo zorigaiztoak zerikusirik izan zuen Osasunak 65. minutuan jasotako golean, Darderren jaurtiketa Ruben Peñaren gorputzean jota gaiztotu egin baitzen.
Anbiziorik gabeko berdinketa, ziklo amaierako norgehiagoka. Jagoba Arrasate mikazturik azaldu zen kazetarien aurrera: “Aho zapore gazi-gozoa geratu zait. Irabazten hasten zarenean, beti daukazu sentsazio gazi-gozo hori partida berdintzen dizutenean. Bigarren zatian ez gara batere ondo egon. Baloia falta izan zaigu, energia puntu bat ere bai. Eurek pauso bat aurrera eman dute. Errebote batean etorri da gola, baina hirugarren kornerra zen. Eurek partiduaren kontrola zuten, eta horrekin nago haserre, uste dudalako lehen zati ona egin dugula”.
Osasunak igandean jokatuko du hurrengo Ligako partida, Madrilgo Atleticoren kontra, Wanda Metropolitano futbol zelaian, arratsaldeko zazpietan.