Maiatzaren 21etik 24ra, Agotzenea Ekohezkuntza guneak eta Orekari estudioak antolatuta, ikastaro berezi bat emanen da Karkarren: Lurrarekin eraikitzeko hastapen ikastaroa. Ikastaro hau, duela hiru urte abiatu zen proiektu orokorrago baten baitan eskaintzen da, gero eta hondatuago dauden etxebizitzak hobetzea helburu duena. Maddi Berraondok, Orekarirekin elkarlanean aritzen den Nommad gizarte ekimen elkarte kooperatibako kideak, herriaren birgaitze prozesuaren nondik norakoak kontatu dizkigu.
Karkarren abiatutako proiektuaz gain, gaur egun Nafarroako herrietako eta hirietako erronkak aldatu egin direla aitortu du Berraondok: "Krisi ekologiko eta klimatikoak zeharkatzen du dena, eta oinarrizkoa da erabakiak hartzerakoan hau kontutan izatea". Halaber, herritarrengan erabakitzeko ahalmena sustatu eta kontzientzia piztea ere oinarrizkoa dela azaldu du.