Lehen Maila, urrats bakarrera

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko mai. 13a, 07:20

Osasunako jokalariak garaipena zaleekin ospatzen, norgehiagokaren amaieran. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak bat eta huts irabazi zuen atzo Espanyolen kontra, Lehen Mailara igotzeko kanporaketako joaneko partiduan. Horri esker, gorritxoak abantailarekin iritsiko dira osteguneko itzulerako partida erabakigarrira.

Maite Valerok urre gorria balio duen gola sartu zion atzo Espanyoli, norgehiagokaren azken txanpan, 82. minutuan, ia area ertzetik egindako burukada loratu baten bitartez, gorritxoak Lehen Mailatik urrats bakarra paratu baitzituen.

Arrotxapearra onenetakoa izan zen, eta lehen zatian beste erremate bat zutoinera bidali zuen. Norgehiagoka trabatua izan zen, play offetan ohikoa denez.

Lehen zati parekatu baten ondoren, bigarreneko azken txanpan gorritxoak sarriago iritsi ziren Romane Salvadorren ate ingurura. Aitana Zumarragak erdiraketa txukunak egin zituen, eta Mirian Rivasek eta Valerok berak gola hurbil izan zuten haien erremateetan.

Nolanahi ere, esan bezala bat eta hutsekoa 82. minutuan iritsi zen, eta harekin batera, eromena Sadarren. 9.783 lagun izan ziren atzo harmailetan, Josu Dominguezen jokalariak animatzen. Sarrera ordainduta, emakumezkoen Osasuna ikusteko inoiz elkartu den zale kopururik handiena hain zuzen ere.

Itzulerako partida erabakigarria ostegunean jokatuko dute, arratsaldeko zazpietan, Dani Jarque Kirol Hirian, Euskalerria Irratiak zuzenean eskainiko duen norgehiagokan. Lehen Maila, urrats bakarrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!