“Bat, bi, hiru…O-sa-su-na!” oihuka, indartsu irten ziren gorritxoak Murtziako berdegunera. Aurretik zeukaten erronka ez zen makala, lehen mailara igotzeko kanporaketen lehen partida, etxetik urrun gainera. Sei aldiz saiatu dira gorritxoak beren historian emakumezkoen futbolaren maila gorenera ailegatzen eta seietan huts egin dute.
Atzo, urrats sendoa egin zuten lehen mailarako bide horretan huts eta hiruko garaipena lortuz. Carmenek sartu zuen lehen gola, 20. minutuan, falta bat jaurtiz. Aurten geldikako jokaldietan bikain ari da errioxarra.
Atsedenaldiaren ostean, are kementsuago irten ziren gorritxoak, finalaurrekoa erabat ziurtatu zezaketela jakitun. Mertxe, Izal, Alexia… Denak saiatu ziren, bata bestearen atzetik heldu ziren aukerak.
Beroa egiten zuen Murtzian eta Josu Dominguezek aldaketak egin zituen jokalariak fresko mantentzeko. 75.minutuan zelairatu zen Ainhoa Guallar eta zangozarrak ongi probestu zuen aukera. Lehen baloia iritsi zitzaiolarik, atezainaren aurrean jarri zen eta osasunaren bigarren gola sartu zuen. Gaztea ez zen geldirik geratu eta 12 minutu geroago hirugarren gola egin zuen. A ze partida puska Ainhoa Guallarrena. A ze norgehiagoka gorritxoena.
Amaieran, pozik azaldu zen Josu Dominguez entrenatzailea: “Partida ia perfektua egin dugu, gure atea hutsean mantendu eta hiru gol sartuz. Garrantzitsua da kanporaketako lehen partidan horrelako sendotasuna azaltzea”.
Asteazkenean Taxoaren, itzulerako norgehiagokan finalaurrekoen itzulera jokatuko du talde gorritxoak. Huts eta hirukoa alde, Osasunak finalista itxura du. Beste finalaurrekoan, Espanyolek huts eta bi irabazi zuen Lleidaren etxean. Finalean erabakiko da ze talde igotzen den lehen mailara.