Emaitza ez da dena. Osasunak Ligako azken lau partiduak galdu ditu jarraian, baina atzo gorritxoek beste irudi bat eman zuten, kementsu eta kontzentraturik, hasi eta buka.
Moncayolak 24. minutuan ikusiriko txartel gorriak zeharo baldintzatu zuen norgehiagoka. Garinoaingoak hanka goratu zuen, Betisen area barruan errematea egiteko, eta atzetik Miranda hegaleko defentsa azaldu zen, gorritxoak ikusi gabe burua botaren eta baloiaren artean sartzeko.
Kolpe latza. Susto handia. VARa. Txartel gorria. Eta norgehiagoka pikutara. Are gehiago, 41. Minutuan Betisek lehen gola egin zuenean, Osasuna bederatzi jokalarirekin zegoelarik, Catenari ez ziotelako zelaira itzultzen uzten, aurpegian jasotako kolpe bategatik artatua izan eta gero. Lehen zatiko luzapenean, gainera, talde andaluziarrak beste gol bat egin zuen.
Bigarren zatian, Osasuna gehiago izan zen Betis baino, haatik beste behin ere gola sartzeko ezgauza izan zen.
Jagoba Arrasatek txartel gorria ikusi zuen lehen golean protesta egiteagatik eta mindurik azaldu zen kazetarien aurrera: "Minduta nago, eta amorru handiarekin. Bi jokaldik erabaki dute partidua. Partidu parekatua izan da, Moncayola kaleratu duten arte. Hortik aurrera partidua oso zail jarri zaigu. Gero gainera gola nolakoa izan den ikusita. Bederatzi jokalarirekin defendatu behar izan dugu, arbitroak ez diolako utzi Catenari zelaira sartzen. Horrek nire onetik atera nau".
Ligako hurrengo norgehiagoka Mallorcaren aurka jokatuko du Osasunak, Sadarren bertan, maiatzaren 14an.