Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, grebara deitu dute ELAk eta CGTk Volkswagenen Landabengo lantegian. ELAk astelehenean eginen du protesta. Eta CGTk astelehenean eta asteartean.
Modu horretan, zuzendaritzari eskatu nahi diote ahalegin handiagoa egin dezala langileen osasuna zaintzeko eta lan baldintzek eragiten dituzten bajak murrizteko.
ELAK salatu duenez, Landabenen gaixotasunek eta istripuek eragindako bajak bikoiztu egin dira azken hamar urteotan. 2014an molde horretako absentismoa %6,5ekoa zen, eta egun %12koa da. ELAren arabera, patronalak eta gobernua ez dira deus egiten ari aurrekaririk gabeko datuok birbideratzeko eta, finean, langileen osasuna eta bizitza bermatzeko.
CGTk nabarmendu duenez, iaz baja eragin zuten 222 lan istripu izan ziren Volkswagenen Nafarroako lantegian. CGTren arabera, horien eragile nagusiak bistakoak dira: lan erritmo jasanezinak eta lan baldintza negargarriak.