Protesta eginen dute gaur zahar etxeetako langileek Iruñean. 11:00etatik aurrera Santo Domingo aldapan izanen dira. Sanferminetan zezenek korrikalariak nola, patronala zahar etxeetako langileak hala dituela irudikatuko dute. "Lanaldi luzeak dituzte langileek. 365egunez eta 24 orduz daude zabalik erresidentziak. Korrika lan egitera behartzen dituzte, bestela ez dira denera iristen", salatu du LAB sindikatuko Maite Olano ordezkariak. 2021ean hasi zen hitzarmenaren negoziazioa, baina ez du aurrera egin: "Patronalak negozioa ikusten du zahar etxeetan zaintza lanak ikusi beharrean. Zahar egoitzetako langileak, gehienak emakumeak dira eta lan baldintza oso prekarioak dituzte", esan du.
Hitzarmena galdegiten ari dira zahar etxeetako langileak. "Ordutegi murrizketak jasoko dituen hitzarmena behar dute, abusuzko klausulekin amaituko duena eta baldintza hobeak ekarriko dizkiena", adierazi du Olanok.
📹 BIDEOA| Adinekoen egoitzetako langileek lan hitzarmena aldarrikatu dute Iruñeko kaleetan
— Euskalerria Irratia (@fm983irratia) April 24, 2024
👉🏽 @LABnafarroa k entzierroa egin du Alde Zaharrean patronal eta Gobernuak egoilarrak harrapatzen dituztela irudikatzeko pic.twitter.com/IFyDMNzSUK