Osasunbideako osasun-langile guztiak karrera profesionala aitortua izatetik gertu daude. Neurriak C eta D mailako 3.000 profesional baino gehiagori eragingo dio, haien artean, erizaintzako laguntzaileei, zeladoreei edota laborategiko teknikariei. Urtebete daramatzate sindikatuak negoziazioan, eta, LAB, USAE, UGT eta Afapna alde agertu diren bitartean; CCOO, ELA eta Medikuen Sindikatua aurka agertu dira; eta Satse abstenitu da.
Orain jasotako mahai sektorialaren onespenarekin, hurrengo urratsean, irailean, talde politikoek Nafarroako Parlamentuan bozkatuko dute. Eta orduan arauari argi berdea ematen badiote, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta profesionalek 2024ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeraginezko ondorioarekin kobratuko dute aitortza.
Lege proiektu hau LABek Osasun Departamentuarekin lortutako akordioaren parte da, baina hala ere, sindikatuak "bidegabetzat" jo du "pertsonal ez sanitarioa neurritik kanpoan geratu izana”. Hartara, LABek Osasunbideari eskatu dio neurria pertsonal ez-sanitarioetara zabaltzeko.