Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.
Otsailean, trafiko eskuduntzaren transferentziaren errege-dekretua baliogabetu egin zuen Espainiako Auzitegu Gorenak. Ebazpen hori gainditzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostua aurkeztu zuten atzo arratsaldean, Nafarroako eta Espainiako gobernuek.
“Erreforma honek Nafarroa osoki berrintegratu egiten du Trafiko eskuduntzen kudeaketan”, azaldu zuen Angel Victor Torres Lurralde Politika ministroak, atzo arratsaldean Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian.
Blindaje horrek bi gako ditu: batetik, adosturiko erreformak trafikoarena eskuduntza historikoa dela zehazten du; bestetik, eskuduntza hori esklusiboa dela gaineratzen du, Guardia Zibilarekin partekaturikoa izateari atea ixteko. Hala, Gorenak errege-dekretuaren aurka erabilitako bi argudioak indargabetzen ditu.
“Honako hau beste urrats bat da beti erakutsi dugun konpromiso politiko eta instituzionalean, beste bultzada bat da Konstituzioarentzat eta Foru Hobekuntzarentzat”, nabarmendu zuen Maria Txibite foru lehendakariak.
Foru Hobekuntzaren erreformak hainbat urrats egin beharko ditu orain. Lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuak onartuko du, gaurko lan saioan. Jarraian, Nafarroako Kontseiluak txostena eginen du. Foru Parlamentuan eztabaidatu eta bozkatuko dute. Azkenik, Espainiako Kongresuak eta Senatuak ere onartu beharko du. Txibitek urte amaierarako prozesua burutua izatea espero du.