Ez zen eguna, ez Budimirrena, ezta Osasunarena ere.
Kroaziarrak penalti bat huts egin zuen luzapenean, 97. Minutuan, paradiña egiten saiatu eta jaurtiketa negargarria eginda. Hori gutxi balitz, partidako azken jokaldian, kolpea hartu eta hiru saihets hautsi zituen.
Talde gorritxoa, oro har, askoz hobea izan zen Valentzia baino: baloiaren jabetza izan zuen, bai lehen zatiaren bigarren erdian, baita bigarren zatian ere; eta gol aukera argiak sortu zituen, baina ez zuen asmatu.
Lehen zatiko 18. minutuan Almeidak gola sartu zuen, Osasunaren defentsako ezker aldeak bakar-bakarrik utzi zuela ederki baliatuz. Hori aski izan zitzaion Valentziari hiru puntuak Sadarretik eramateko.
Herrandok eta Ruben Garciak partidu bikaina egin zuten. Atzelari nafarrak gol bat salbatu zuen, Hugo Duroren errematea zapuztuz. Punta erdi alakantearrak baloia zutoinera bidali zuen. Ez zen aski izan.
Jagoba Arrasatek Europarako sailkatzea ezinezko bihurtu dela aitortu zuen, norgehiagoka amaiturik. Norgehiagokaren hasieran eta amaieran taldeko zuzendaritzaren aurkako kantuak izan ziren, Berriatuko entrenatzaileak alde eginen duela eta. HArmailetan, partida hotz eta arraroa izan zen atzokoa.